1936
Euskal-bihotzak irakitan...
Zure bozaren azkartzera,
Itsasoa, berma!
Amatto baten samurra
Zait gaur orroama
Bihotza urratzen dautan
Harrabots bat egun hautan
Haizeak han harat baiterama.
Gaur tiroka ari dire
Herrian elgarri,
Salbai gaixtoenen pare
Odolez egarri.
Jaunak ez dezake onar,
Minez leherra baitakar,
Anai arteko gudu gaitz hori.
Anai odola herrari
Eskainiz nasairik,
Euskadi gure amari
Bularrak beterik,
Haurñoak hurrupatzean
Hilen dire gerruntzean.
Zer aterako da? zer? ... hortarik?
Han orai zenbat gorputz hil!
Zenbat gauz lazgarri!
Nolaz ahantz, nolaz ohil
Hainbertze tzarkeri?
Zerk batetara detzazke?
Jauna emozute bake...
Oi, kanoiaren burrunba hori!
...-8-36